XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaitz horien kontrako txertaketa dira amandre ipuinak, beste sendagarri batzuk ere badirela ahaztu gabe noski.

Ipuin horietan fantasiak libreki egiten du hegan, erralitatearen islatze sinboliko diren hamaika eta hamaika irudi erabiliz.

Obsesioan eta barne-hausturan murgilduta, ordea, ez dago fantasiaren gozamen sakonerako lekurik.

Nahimen eta ameskizun larriak besterik gabe bultzatzen dituen fantasia mingarria egiten da, eta, bestela ere, gizarte honetan nahikoa badugu horrelakorik, gehiagoren bila ibili gabe; horri alde egiteko, amandre ipuinen fantasia miresgarriak haurraren ni-ari iturri agortezinak eskaintzen dizkio, barne gozagarri eta larritasunen aringarri.

Gainera, gehiago esan genezake: fantasia, paradoja errealitatearen ezagupen sakonagoa lortzeko bidea ere bada, alde batetik errealaren mugak zehatzago ikusten laguntzen digulako, eta bestetik, errealitatearen alde berriak etengabe aztertzen jarraitzeko irudimen indarra zuzpertzen digulako; azken batean, zientzian eta jakitatean alde berriei ekiterakoan lehen mailan behintzat, ahalmen fantastikoak eragin handia du.

Haurrak, jaio berria delarik, guztiak dauzka bere zerbitzurako.

Baina, handitzen doan heinean, bere nahiak betetzearren ahalegina egin beharrean ikusten du bere burua; gainera, askotan bere nahimenak eta grinak ingurukoen oztopoa aurkitzen dute.

Horrek egonezina eta haserrea sortzen dio barruan, eta bere-berea izango den eremu baten beharra somatzen du barne horretan: fantasiaren erresuma izango da eremu hori.

Eremu horretan edozer gauza egiteko gai da haurra, heldua izatera iristearen zain egon gabe; erresuma horretan bere nortasuna eta independentzia bete-betean ezartzen ditu, (...)